Beraz, irailaren 18a (ostirala) izango da azken eguna.
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2015-2016 ikasturtean. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hirugarren urtez jarraian, ikastaro hauek antolatzko diru laguntzak emango dizkie euskaltegi homologatuei, guztira 38.000 euro, hain zuzen ere. Matrikulatzeko epea irailaren 1etik 18ra egongo da zabalik, eta edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena.
Miren Azkarate, 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi-ordezkariaren hitzetan ekimen honek bi helburu uztartzen ditu, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “Krisi garaietan elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, eta udal gobernu hau ekintzen bidez islatzen ari da bere konpromiso soziala, euskara sustatzeko garaian ere izaera hori aintzat hartu dugularik, gure lehentasunen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzea dagoela ahaztu gabe. Langabetuek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”.
Ikastaroak urriaren 15ean hasi eta abenduaren 11n bukatuko dira eta asistentzia derrigorrezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabetu donostiarrek eman ahalko dute izena. Matrikulatzeko epea irailaren 1etik 18ra egongo da zabalik eta edozein euskaltegi homologatuan eman daiteke izena. Nahikoa da langabezi egoeran egotea izen ematea hasten den datarako, irailaren 1erako.