Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 170 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko hamabost auzoetan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta azaroaren 23tik aurrera ekimen ugari antolatuko dira. Hala ere, ekintza gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo dira.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak Donostiako auzoetako eragileek egindako lana goraipatu du: “Hiriko hamabost auzoetan antolatu dituzte jai-egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Auzo horietan guztietan batzordeak sortu dira Euskararen Egunaren inguruan ekimenak antolatzeko, eta guztira, 65 bat eragile ari dira auzoetako egitarauak antolatzen”.

Ekinbide horiek guztiak ezagutzera emateko esku-programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarria egongo da donostiaeuskaraz.eus webgunean.

euskararen-eguna