#euskaldunízate izeneko kanpaina jarri dute abian, eta merkatarientzat, ostalarientzat, gurasoentzat, etorri berrientzat edo erretiratuentzat euskara ikastaroak antolatu dituzte.
Donostiako Udalak irailean euskaltegietan izena eman eta euskara ikasteko deia egin die donostiarrei. Horretarako, hiriko euskaltegi eta zentro homologatuekin batera, #euskaldunízate kanpaina jarri du martxan. Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak). Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak.
Oinarrizko ikastaro labur horiek komunikazio behar zehatzak dituzten xede-talde desberdinei zuzendutako ikastaroak izaten dira: merkatarientzat, ostalarientzat, gurasoentzat, etorri berrientzat, erretiratuentzat, … 60 orduko ikastaroak dira eta ikasleak 60 € ordaindu behar ditu.
Aurrez aurreko ikastaro arruntez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa hasi eta hilabeteren barruan egin beharko da.