Donostiako euskaltegiek matrikulazio kanpaina zabaldu dute 2015-2016 ikasturterako eta euskara ikasi nahi dutenek irail osoa dute euskaltegi batean izena emateko.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntzak ematen ditu euskara ikasteko, eta irailaren 14tik azaroaren 6ra eskatu ahal izango dira laguntza hauek.
Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek Donostian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dute. Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan, eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak). Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek berriz, internet bidezko Autoikaskuntza izeneko ikastaroak dituzte aukeran. Badira bestalde, xede bereziko taldeentzako egokituriko ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak. Talde bakoitzaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuta, eskaintza berezitua egiten dute euskaltegiek, ikasleen neurrira eta beharretara egokituta.
Matrikulazio kanpaina eta diru laguntzen berri emateko, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako euskaltegi zein zentro homologatuek publizitate kanpaina bateratua egingo dute irailean. Euskadunízate da aurtengo kanpainaren leloa. Hiriko autobusak izango dira publizitate egiteko euskarri garrantzitsuena eta horrez gain, 10.000 eskuorri banatuko dira.